Nafarroako bazkideak (AEHN – Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartea eta NICDO – Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisia Sustapena) zein Pauko bazkideak mugaz gaindiko turismo-estrategia bateratua sortzeko bildu dira

Iruñean egin da asteazken honetan mugaz gaindiko GREENMICE proiektuaren lehen lan-bilera. Proiektuaren helburua Iruñea eta Pau hirien artean biltzar eta erakusketen turismo jasangarria sustatzea da. Bilera Kondestablearen Jauregian egin da eta han izan dira, besteak beste, Mikel Armendáriz Barnechea, Ekonomia Sustapeneko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzarako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzia; Carlos Andrés Uranga, arloko zuzendaria; eta María Bezunartea Barasoain, Turismoko burua, Iruñeko Udala baita proiektu-taldearen burua. Horiekin bat egin dute Pauko Turismo Bulego Komunitarioak, Biarnoko Turismo Klusterrak, Pauko Hiriguneak, NICDOk eta Nafarroako Ostalaritza Enpresen Elkarteak.

Mugaz gaindiko MICE turismo-estrategia garatzeko alderdiek egingo duten lana finkatzeko balio izan du topaketak. Estrategia horrek mugaz gaindiko turismo-sektorearen sasoikotasuna murrizten lagunduko du, bai eta ingurumenarekiko adeitsua izango den tokiko enplegua sortzen ere. Proiektuak Europako diru-laguntza du, POCTEFA programaren bidez, eta joan den urtarrilaren 1ean jarri zen abian. Hiru urteko iraupena du.

Lehen hitzordu honetan, proiektuko bazkide guztiei dagozkien jarduerak adostu dira. Gainera, proiektuaren zeharkako kudeaketa-planaren diseinuaz, plangintzaz eta gauzatzeaz arduratuko den laguntza teknikoaren kontratazio-egoera aurkeztu da (otsailaren amaieran egin zen lizitazioa), bai eta GREENMICE estrategia definitzeaz arduratuko den laguntzaren kontratazioarena ere.

Iruñea eta Pau, ekimenarekin bat egin duten gainerako bazkideekin batera, elkarlanean jarri dituen mugaz gaindiko proiektu honen xedea ahaleginak batzea da. Horri esker, MICE (bilerak, pizgarriak, hitzaldiak eta erakusketak, ingelesezko sigletan) helmuga jasangarria izango den eremu bat sortu nahi da. Estrategia horri esker, gainera, sektore turistikoaren sasoikotasuna murriztuko da, eskaintza turistikoa dibertsifikatuko da eta garapen ekonomikoari lagunduko zaio, tokiko enplegua sortuz. GREENMOCE 2P proiektua Europar Batasunak finantzatu du % 65ean, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga-eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.